2013/02/02

Korf ha korf

Bizirauteko, hizkuntza batek behar ditu denak erran, aipatu eta ahalmen hori ukan. Arlo batzuetan baldin badira gauza batzuk ezin erranak edo ez direnak gehiago erraiten, gai horien aipatzeko hitzak galtzen dira, bide beretik hizkuntza hori « hiltzen » da, hitz horiek hilak dira eta berreskuratzeko izugarriko indarra eskatuko lukete.

Bretainiako lagunek beti ekartzen dizkigute opari interesgarriak. Aldi honetan « Korf ha korf » deitu filmaren ale bat utzi ziguten. Korf ha korf ez da sarean ikusgarri, ideia baten ukaiteko, hona hemengo loturan honen inguruko aipamen zenbait Bretainiako herri telebista baten eskutik, filmaren proiekzioaren haririk egina.

Filma horretan, dokumental gisako bat da, aipatzen da bretoieraz sexualitateaz eta bizi intimoaz aritzeko hitzak berriz bildu eta berreskuratzeko indarra egiten duen emazte baten esperientzia. Bilaketa lan horretan zehar, bretoieraren historian garrantzitsuak izan diren zenbait jende kurutzatzen du. Adibidez « Les Monologues du Vagin » obraren itzultzailearekin elkarrizketa bat plazaratua da: bretoierara itzulpena manatu ziotenean, Ninnog-ek nekeziak ukan zituen, hainbat hitz eta espresio faltan zituelako eta nehun ez zeudelako bildurik, ondorioz alde guzietan ibili zen galdezka eta miaka itzulpen ahalik eta zuzenenaren burutzeko baita ondokoei termino eta espresio bilduma bat uztekotan. Eta pertsonaiak jarraitzen du horrela pertsonalitate eta artista zenbaitekin.

Orohar, sexualitateaz mintzatzea ez da problema bat, umorea egiteko denean gutxiago; aldiz maitasunaz, desiraz, amultsutasunaz aritzeko baita sinpleki fenomeno fisikoen azaltzeko bai. Filman agertzen den bezala, trabak bi izaten dira nagusiki :batetik, hiztegia ez eskuragarri izatea idatziz eta lekuko fidagarrien kausitzeko nekezia, bestetik gai intimoen aipatzeko beldurra, lotsa. Holako gauzez mintzatzeko, ontsa senditu behar da, ontsa senditzeko nolazbait harro izan behar da. Hainbat baldintza, garai batzuetan behintzat, hizkuntza gutxituen kasuan bete ez direnak, betetzen ez direnak. Jendeari bere buruaz irudi txarra helaraztearen bortxaz, bere baitan barna sinesten du azpi-mailakoa dela. Hizkuntza gauzen eta sentimendu, bizipenen adierazteko tresna den heinean, nork bere buruaren proeiktatzeko erabili tresna gisa aurkezten dute : pertsonak gutxietsi izan dira luzaz, baita hizkuntzak ere, populuen eta kulturen luzapen gisan.

Deigarria izan zaidana hori da bereziki. Bretoien kasuan, beste guzion kasuan bezalatsu seguraski, haien burua luzaz gutxietsi dute, hortik, gaurko egunean ere, ez dira gustora beren izaerarekin, ez eta gorputzarekin ere. Kastrazio horren lekukoetarik bat hizkuntzaren elementu batzuen « ablazioa » da. Kultura inposatzaileen eta elizaren eskutik, hizkuntza debekatzeak jendeen harremana beren buruarekiko eta bide batez gorputzarekiko aldatu du. Hortik, gai batzuei lotu hizkuntza desagertu da.

Sexualitateaz eta sentimenduez jarduteko gelditzen dira zenbait espresio eta irudi, ez finenak, deus arin eta fresko, deus gutxi elementu eta gertakari fisikoen zehazki deskribatzeko. Hots, filmak balio du, ahal duenak, posibilitatea eta interesa duenak, ikusi behar du, nik azaldu baino hobeki ulertuko du

Ez naiz aditua eta ez dakit zer gertatzen den hor psikolinguistikoki edo : ahal nuen horretan xerkatu dut baina ez dut deus atxeman (agian adituek izenda dezakete zer den), beraz ipotesiak ditut, besterik gabe. Hizkuntza baten hiztunak mehatxatuak senditzen direnean, iduri luke ablazioak egiten direla lehenik gorputza eta intimitateari lotu gaietan, kastrazio bat. Euskararen kasuan, nire kasuan behintzat, hala gertatzen da : egoera oso pertsonaletan nire hizkuntzan espresatzeko problemak ditut. Sentimendu hori ez dut bizikidearekin ditudan harremanen baitan senditzen, ez bakarrik erran dezadan, haurrekin aritzen naizenean ere (haurrekin erabiltzeko hiztegi eta espresio eskas handia), edo sinpleki sendimendu bat adierazteko orduan (hitz biziki arrunt, standard eta bakanak etortzen zaizkit). Haurrekilako hizkuntza, espresioak, irudiak, kantuak, bizipenen deskribatzeko hitzak, gorputzari eta gertakari fisiologikoei lotuak... faltan ditut. Hori guzia aipatu gabe erregistro pobrezia eta holakoak... Aipatu gabe ere leku zenbaitetako gizarte eredu arkaikoa, nahi lukeena sendimenduak ez adieraztea, behintzat ez publikoki, ez batira komeni ixuri sentimentalak besteak beste.

Bagenekien euskarak bazuela anitz konkistatzeko. Nago ea euskarak zenbat ote duen galdu eta berriz aurkitzeko bestalde; gaur euskaraz edozein gauza izendatzeko borondatea duenak ere, horretarako ahalmena ez baitu erraz ukanen. Nago ere corpus oso bat eskura bagenu zalu, ez ote denez bestalde beste zerbait traban: harrotasun istorio hori, guhaurrengan eta besteengan konfiantzarik aski ukaitea edo ez.

Argazkia: Hush

3 iruzkin:

Eneko Bidegain erabiltzaileak esan du...
Egileak iruzkina kendu du.
enekobidegain erabiltzaileak esan du...


Eneko Bidegain a dit…

Biziki interesgarria da zure gogoeta. Nehork ez badu ikertu, ikertzeko gai polita da. Euskararen kasuan, ez da bakarrik diglosiaren ondorioa: orai arte, euskara etxera mugatu izan da, eta etxetik ikasi dutenek, berez, behar lukete hiztegi afektibo hori. Hiztegi teknikoa, terminologia eta abar falta izatea ulergarriagoa litzateke, eta hiztegi afektiboa falta izatea bitxi. Zuk aipatzen duzun bezala, arrazoiak soziologikoak direla uste dut: Elizaren eragina, gure hoztasuna, sentimenduen adierazteko ezintasuna...

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Milesker Eneko.
Zaila da esplikatzea zer gertatzen den kasu horietan. Baliteke seguraski fenomeno hori ikertu eta izendatua izatea. Nik ez dut horren berririk ukan.
Gero, zailena gertatzen dena, behin ohartuz gero galtzen den guziaz, nola berriz eskuratu? Nola eta nun bildu, zer egin...
Ez gira enoatuko bederen!
;)