2011/08/13

Mac bat zen



Orain dela hamar urte pasatuxeak doi-doietarik, 2001eko primaderan zehazki, ez nuen ordenagailurik gutxitan baizik hunkiturik. Eta, egia osoa aitortzeko, berdin uros bizi nintzen. Garai hartan, gehienetan, jendeak ordenagailurik baldin bazuen eskura lanekoa izaten zuen eta internet konekzioen orokortzearen hastapenak ziren.
Arratsalde batez, testu bat jo behar nuela, lagun bat bere langunetik mugiaraztea lortu nuen, ez baitzen gauza gutxi. Laburki azaldu zizkidan bizpahiru gauza: pantaila, karpetak, programak, erretrospektiboki biziki pedagogikoki eta alde egin zuen, kafe bat hartu behar zuela. Oroitzen naiz oraino, Macintosh patata handi bat zela, nagusiki maketaziorako programekin eta RTC konekzio zahar bat eta logiziel batzuen bertsioak gazteleraz zirela, baina orduko kausi zitekeen gauzarik hoberena zela zion kideak eta nik, bistan dena, sinesten. Arratsalde apalez, hots hiruzpalau oren luze berantago, maketista itzuli zenean, oraindik nire lanean atxeman ninduen, fleite eskasean. Ondotik entzun behar nuen predikua eta azaldu zidan guziaren ondorioz, nire bizia definitiboki eta radikalki aldatu behar zen.

Gaurko egunean, lanean berean sekulan aski horniturik ez bagira ere, etxean garen bien artean, uste dut ez zaizkigula gadget pare bat baizik eskas. Pertsonalki ez dut horien ezagutza sakonik, erabiltzeko doia aski baitut. Hortik hara, sarean zabaldurik ditugun kondu eta kanalak ez nitzake zerrenda guziak: media konduak, readerrak, sareak, blogak, egutegiak, bookmarkak, … beharrrezkoak baino gehiago seguraski. Aldiz, egun ditudan kezkak ez dira garai jada urrun haietakoak. Nire arazoa mila lekutan sortu ditudan konduen kudeaketa eta zentratzean baita, nun bildu eta nola, zein baliabide hauta eta zein ez, zeinekin zer egin eta holakoak. Hots koerentzia piska bat izatea. Haatik, horiek gabe ez nekike nola egin, ez pertsonalki, ez eta profesionalki sustut.

Bide beretik, gure garai eta ingurukoekin bizi beharrez, gure egunerokoak eta bereziki lanak ez ditugu duela hamar urte bezala egiten (eta ez genezake ere hala egin), ez ditugun harreman mota eta zabaleraren aldetik, ez kudeatzen ditugun informazio anitzen aldetik, ez erabiltzen ditugun baliabideen aldetik, ez gure egiteko moldeetan ere ez.

Bizkitartean, teknologia berrien erabilpena haundia bada anitzen kasua, zoritxarrez ez da denena eta jendeen artean desberdintasun haundiak ikusten ditut, agerienik lanean. Arrazoin desberdinekin. Ondorio anitzekin. Tarteka problematikoa.

Segur dena da, alde horretatik bederen, ez nukeela itzuli nahi duela hamar urtekora. Batzuentzat konplikatzea bada, bizia sinplifikatzen baitit egun guziz eta noiztenka atseginagoa ere bihurtzen.

Argazkia: Power Mac 7500/100 Mac OS 8.1 by krollian

Aucun commentaire: