2011/03/26

Isiltzeak ez du deus onik

Azken denboretan,  nire inguruan jende frangori entzuten diot "isilduko naiz".
Isiltzen denak, zer isiltzen du, isiltzen denean?Zergatik eta zertarako?

Gerta daiteke ez deus izatea erraiteko, gertatzen da, ez deus pentsatzea, gutxitan.
Beste anitzetan, arrazoina izan daiteke, herabea dela, entzuna izanen ez dela pentsatzea, aitzinetik galtzaile iznen dela pentsatzea, autozentzura egitea, arrazoin pertsonalak.
Baliteke isiltasunari balio berezi bat ematen zaiola, kultura eta hezkuntzaren arabera: poderean denarenganik iraina da eta mespretxua, emazteenganik berenganik espero dena, minoritatean edo menperatuak direnenganik hala beharra edo erresiliazioa, kultura batzuetan preziagarri den kalitatea da sekretuak gordetzen jakitea eta lerroetatik ez ateratzea.
Kasu estremoetan, isiltzea mehatxu gisa ere balia daiteke.
Eta nunbait bakoitzari dagokio horrelako ereduak segitzea, alimentatzea edo aldatzea.

Bakar batzuetan, isiltasuna erabaki bat izan daiteke, kontestazio moldeko zerbait.
Gaurko egunean, desobedientzia pazifikoak eta holakoak modan baitira, manifestaldi berezi batzuk ere ikusten dira, karrika izkinetan 'cercle de silence' deitzen direnak. Egia erran, kasu honetan isiltzeak zentzu bat hartzen du. Hortik isiltzeari balio berezi bat ematen diogu, protestarena hain zuzen eta hau, iduriz, bilakatzen ari da komunikatzeko molde bat. Baina nekez ulertzen dut, nola komunika daitekeen molde horretan, edo behar dela bederen aitzinetik mezu bat noizbait zabaldu.

Fenomeno berri eta bitxi hau bazterturik, nire ustetan, isiltzeak ez dakar deus onik. Ez inposizioz gertatzen denean, ez erabakiz edo hautuz. Oraino gutxiago, eztabaidetako eta erabakietako partaide osoa zarelarik. Eta nekez ulertzen dut isiltzea, kolektiboa delarik, hortik urrunago larria iduritzen zait.
Zergatik ukatu komunikatzea besteekin, gure izaerak berak gutaz komunikazio izakiak egiten gaituenean? Zergatik ez adierazi pentsatzen dena, ikusmolde bat, egiteko molde desberdin bat eta, horren onuraz konbentzitua izanez gero, zergatik ez tematu piska bat edo anitz onartarazteko?

Minoritatean izateak, arrazoia sekulan edo gutxitan izateak, entzuna ez izateak, trabatua izateak, denek partekatzen ez duten iritzi bat izateak, nik dakita, deusek ez du justifikatzen mututzea. Alderantziz, zure ideiez segur bazira eta onak izan daitezkeela pentsatzen baduzu, orduan, ez duzu isildu behar, sekulan.
Eta nekatzen denean, eztabaidak ez duenean deus ematen, hitzak agortzen direnean eta egunak dorpeak bihurtzen, bilatu beste bide bat, bilatu beste molde bat. Bederen isiltzearen erabakitzea ez dadila amor ematearen adierazle izan. Oroz gainetik, isiltzea ez dadila mehatxu gisa erabil, horren ondorioa isiltzen denaren kaltetan baizik ez baititaike gerta..

Gure aitzinekoak isildu izan balira nekeziaren aitzinean, ez dakit nun egonen ginatekeen, ez eta nolako mundua biziko ginatekeen.
Espero dut ondokoak ere, ez direla mutu geldituko, gai, egoera eta egite ororen aitzinean.
Eta edozein izanik ere gure buruei ematen diegun/dieten prezioa edo aitortuko zaizkigun arrazoinak eta bideak, funtsezkoena ez dezagun begi bistatik gal sekulan, mundu polychromo honetan, guziak akuarium berean ari garen heinean, esperantza berdintsuekin. 

 Argazkia: No title Egilea: Payalnic

iruzkinik ez: