2016/11/20

Joseba eta ni. Ni eta Joseba.


Azaroaren 20 honetan mundu osoa dabil bolo anekdotaz, denek bazenekiten Joseba Sarrionandia Kuban zela, askok dute koadrilako bat oporretara joanik han topo egin duena idazlearekin ostatu bateko terrazan, anitzek dute lagun baten laguna berekin harremanetan jarraitu duena. Noski.
Haize hegoak edozein jo baitezake. Orok du existentzia.

E be, goazen! Nik ere badut ene istorioa Josebarekin.
Azken 15 urteak bederen iraganak baititu ene etxean.
Elkarrekin bizi gara.



Hor da egunero, goizetik arrats.
Liburutegiko apalean, zitazioak biltzeko erabiltzen dudan karpetaren azalean, scrapbook handia partekatzen du beste idazle batzuekin. Badakit azal horretako hainbat ez dituela maite. Tira. Arras independenteak bagara ere, badakit jelos dela. Ez dit erran baina badakit: horko batzuk kolorez baitira, bera zuri eta beltz zurpailean delarik, bat edo beste gazteagoa eta lirainagoa baitira. Agerikoa da, ez baitie behatzen, behakoak ihes egiten dio bestaldera.

Apalaren bestaldetik lerrokatu disko metatik, sukar batean so zaio Barbara. Noizbehinka txandakatzen dira Ella-rekin, eta uste dut Ella nahiago duela. Ez dugu sekulan argiki aipatu, aski askeak geratu baikara bata bestearekiko.

Ororen buru gutxi mintzo da, pertsona isila da eta etxezuloa. Niri kalaka ez zait sekulan agortzen eta joan-jin etengabean naiz.
Posturan sendi zaio nekez onartzen duela ez nadin beti etxean geldi, nahi luke beti hor egon nadin. Haatik, badaki, ateratu duen oro irakurtzen dut artoski, bere iduriko ez aski artoski oraindik baina. Eta gero komentatzen ditugu gauzak. Sekulan arras ados jarri gabe. Ezin denean, ezin.

Noizbehinka kondatzen dizkiot besteen obrak, entzuten nau, begiak erdi hetsirik. Ez dakit zer gogoetatzen duen: ene analisiak ez ditu partekatzen? gustuak? Marguerite, Antoine eta JMG ez ditu gogokoak akaso? Kasu eginen banio egunero Arresti eta Itxaro aipatuko genituzke! Eta libreki eta plazer handiz ekiten diogu bai gorainpatzeari bai jorratzeari. Arrosak eta arantzak banatzen ordu txikietan. Zer irriak! Umore handiko pertsona da Joseba.

Aldiz, arratsetan, aldean duen zurezko oineko Ikeako lanpara pizten dudanean, aurpegi guztia errainu horiz janzten dio halo gozoak eta buruz buru jarduten dugu, gauaren bakardadean. Gain hartarik so zait. Badakit pozik dela eta ez dela akitzen eni begira ordenagailuko teklari eragiten diodanean. Bada zerbait irribarre-erdi horretan tarteka trufa moldean ari zaidana, tarteka ni bezain pozik idatzi dudanaz. Aldika zigortzen (exigentea ere baita), zoriontzen edo animatzen nau. Beharrik hor dela!

Horrela bizi gara.
Horrelako harremana dugu.
Erraza da harekin bizitzea, ontsa konpontzen gara.
Joseba eta ni. Ni eta Joseba.

iruzkinik ez: