2026/05/17

Istripua






Denek erran zuten istripua izan zela.

Hori da beti erraten dena, zerbait azaldu nahi ez denean.


Marmola faltsuzko zutabe greziarra eszenatokiaren gainera erori zen. Zutabe greziarra, eszena apaintzen eta zedarritzen zuena. Kontzertuaren bezperan.

Hori da interesgarriena: dekoratua suntsitu zen, ez artista. Azpian bazen Jon, baina Jonek ez zuen aukera handirik izan erortzen zen marmola zuri puska horren aitzinean. Azpian, hobeki erran. Herriko egunkariak biharamunean idatzi zuen: “Zoritxarreko istripua antzokian: taula zuzendaria ospitaleratua”. Ez zuten gehitu Jonek zor handiak zituela, ezta kultura-zinegotziaren emaztearekin “aferak” zituela ere. Ez zen beharrezkoa. Istripuek ez dute testuingururik behar. 


Nik zutabea ikusi nuen erortzen. Ez nuen bultzatu: hori ere garrantzitsua da. Zorua ez zen egoera onean, sabaia ere ez, begi bistakoa zen. Kulturaren eta kultura-munduaren patua da, dena den. Auskalo zutabea nola ote zen bermatzen eszenatoki horren baitan! Eta grabitateak bere lana egin zuen. Ezin izan nuen deus egin, ez zen nire menekoa. Zergatik hunkitu behar da zerbait, dena bere kabuz jausteko prest bada? Zergatik “pusa hortik” oihukatu, begi bistakoa bada ez dela erreakziorako eta mugimendurako tarterik izanen batere?


Jon ez zen hil. Eta hori arazo bat izan zen.

Eskua galdu zuen, bai, baina bizirik zen. Haatik, ez zuen antzokian lan egiten segitzen ahalko. Bere hautua izan zen ez itzultzea taula-zuzendari lanetara.  Ordea, eta horrek badu bere justizia poetikoa, orain hitzaldiak ematen ditu, “artea eta sufrimendua”ri buruz. Publikoak txalotzen du. Ez zidan deus leporatu. Ez zuen behar. Bazekien. Nik ere bai. Isiltasun horrek funtzionatu zuen, akordio gisa diot.


Zutabea ordezkatu zuten handik hilabete batzuetara. Hau ez zen erori, ontsa arrimatu zuten.


Istripu horren ondorioz, ez nuen lehen kontzertua ematerik izan eta nehork ez zekien nolako boza eta talentua nuen egiazki. Hori izan zen nire lehen arrakasta, lehen lorpena, egiazkoa, aurrekoak kasualitateari zor bainizkion eta ondokoak estrategiari esker bainituen lortuko, aldiz, erran dezadan, “istripu” hori izan zen egiazko salbazioa, dena zegoen hartan gelditu baitzuen.


Euskal kulturaren munduan, ahotsa beti da arazo bat: edo gehiegi erabiltzen da, edo gaizki. Nik, ordea, ez nuen erabiltzen. Ordura arte, profil bat besterik ez nintzen: Pseudea goitizen anbiguoa, aurpegi lausoa, animaleko ile xerloak ezkutatua, eta lanak. Musika zatiak, eta gainetik, hitz solteak. Ez kantuak, gehienik ere bertso puntu erdiak. Eta ez doinu herrikoiak, baizik eta “esperimentala” deitzen diren horietakoak, betiere definitzen zailak. Pieza laburrak, gehienik minutu bat edo bikoak, bideoekin lagunduak, anitzetan egile eskubiderik ez duten euskal artxibo zaharretatik ateratako irudiekin: etxalde hustuak, amatxi etxeko atarian, mando nekatuak, aurresku motelak, mendiko lainoa, iratzeak haizearen menpe eta holakoak. Soinua… ongi, soinua “berria” zen. Hala erraten zuten bederen. Sorkuntzak lau haizeetara zabaltzen nituen eta begiraleek maite zituzten.


Inork ez zidan galdetu nola sortzen nituen. Galdetu, segur aski galdetuko zuen baten batek, baina ez nuen horretaz sekula azalpenik eman behar izan, sare sozialen bidez bizi bainintzen eta sare sozialetan bakarrik, eta sare sozialetan baizik ez zuten nire berririk hartzen ahal, nihaurrek eman nahi nituenak, deus gehiago ez, ia ezer. Existitzen ziren sare orotan nituen kontuak: Facebook, X, Tik-Tok, Snapchat, LinkedIn, Instagram, Telegram, Youtube, Daylimotion, Vimeo, Odyssée … Sareetan bizi nintzen eta ez da metafora: han sortzen nuen, han argitaratzen nuen, han neurtzen nuen sortutakoaren balioa.


Gehiago dena, algoritmoek ulertu zuten nire sormen gosea, lehen kolpean berean. Erritmo egokia, iraupen doitua, zirrara dosi zehatza ematen asmatzen zuten, izaki batek baino anitzez hobeki. Eta hori zen kontua, kontu baliosena. Algoritmoek sortzen zuten dena edo ia dena. Aginduak niri bururatzen zitzaizkidan eta ematen nizkien, bururik gehiegi berotu gabe, ez bainuen denbora xahutzen sortze-agindu xeheak idazten:

  • Soinu iluna, euskal kutsu tipikokoa, baina ez tristea.

  • Euskal izaera, baina nostalgiarik gabea.

  • Tradizioa, baina folklorea ez dena.

  • Memoria, baina errurik gabea.

  • Abangoardiakoa, baina dirulaguntzekin bateragarria.

Horrelakoak.

Eta sareetako interakzioak ere, artifizialki idatziak ziren:

  • Erantzun laburra, misterio kutsua atxikiz.

  • Apaltasunez eta umorez ihardetsi.

Eta abar.


Nik baizik ez nekien horretaz, beste nehork ez. Eta honek ematen zidan lasaitasuna: ez nuen gezurrik erraten, ez zidaten galdetzen, ez nien galdetzeko aukerarik eskaintzen.


Arrakasta etorri zen pixkanaka,  eta emeki-emeki hazten joan zen. Lehen bideoetan ehun bat ikusle, geroago mila bat, eta denbora gutxira, hamar milaka bista lortzen nituen, sortu nuen bideoa sarean ezarri bezain laster, eta, bide horretan, ez nuen inor zapaldu, ez nuen polemikarik piztu, ez nuen iritzirik eman, ez nuen diskurtsorik eraiki, ez artista pertsonalitaterik landu. Lanak bakarrik. Eta lanek funtzionatzen zuten.


Hasieran, arrakasta isila izan zen.

  • Interesgarria erran zuten lehen artikuluek.

  • Diskretua.

  • Proposamen fina.

Mahai-inguruetan aipatu ninduten.

  • Isiltasunetik sortzen duen artista erran zuen batek.

  • Sorkuntza kanonetatik eta diskurtso hegemonikotik kanpo gehitu zuen besteak. Oso garaikidea.


Kultur mundu profesionalak, beti bezala berandu, noski, jarraitu ninduen, miretsi, laudatu, jelostu. Lehenik aipamen txiki bat hemen, artikulu motz bat han. “Artista berria, anonimoa, baina saihestezina”. Gero ekitaldi zenbaitzuetan proiekzioak. Sekulan nehon agertu gabe. Horrek oraino gehiago handitu zuen mitoa. Azken finean Daft Punk, Sia, Marshmello eta aurpegirik gabeko artista horiek guztiek bezain ongi atera zitzaidan afera, ekonomikoki barne: hastapenetik beretik babesleak bilatu bainituen, defiskalizatzearekin interesatuak ziren zenbait lekuko marka eta enpresa batez ere, eta ikusleen araberako saria jasotzen bainuen, klik bakoitzeko honenbeste, bideo kanaletatik.


Nehork ez zuen galdekatzen prozesua. Horrelako galderak deserosoak dira, eta kultur munduak denbora gutxi du deseroso sentitzen egoteko.


Orduan, segur aski haiek ere probetxu zenbait atera nahiz, aita-amek kontakturako datuak eman zizkiotenean antzokiko programatzaileari, madarikatu nituen, plaza batean agertzeak ez baitzezakeen deus onik eragin, ez karrera distiratsuagoa bihurtu, ez miresle kopurua igo, beste guztiek bezala egitea baitzitekeen: kontzertuak eman, jarraitzaileak agurtu, eskuak tinkatu… zertarako?

Eta beraz, “istripuaren” aitzinean gertatu nintzenean, zutabearen balantzari ahoa zabalik begira, zorte miragarria iruditu zitzaidan. Jonena, pena zen, baina aita-amek ez balituzte kultur programatzaileak kontaktatu izan eta, ondorioz, Jon ez balitz hor egon taula gainean, egiten nuen guztia zelatatzen eta aztertzen, ba… Jonek oraino bigarren eskua bixi-bixi hor zukeen! Eta, bide beretik, kontu hori ez zitzaidan ehunka eta milaka euro kostako Jonen isiltasunarengatik.  

Jonek baitzekien, ongi ulertu baitzuen, kontzertuaren ez emateko edozerk balio zidakeela. Jonek berehala ulertu zuen mundu osoak laudatzen zuen diva sortzailea zertan eta nola ari zen, brist nire sorbaldaren gainetik, oharkabean, telefonoaren pantaila ikuskatu zuenean. 

Istripua ez zen hain larria izan, eta, batez ere, ondorioz eszenatokitik ihes egin nezan justifikatzen zuen, ulergarri bilakatzen zuen publikoan ez performantziarik egitea: sindrome postraumatikoa. Eta onerako gertatu zen, haren ondotik musika eta bertso fragmentalez gain, ipuinak, haikuak eta bestelako zernahi idazki mota sortzeko ausardia piztu baitzitzaidan. Alabaina, ez zen hautua izan banu bezala, ez arras: Jonen isiltasunak kosta izan zuena berriz irabazteak hori eskatzen zuen-eta. Eta bizilekuz aldatu nuen, aita-amak sekulan gehiago ez gurutzatzeagatik zigortzeagatik ere apur bat  eta berdin baitzitzaidan, telefonoa eta konexioa nuen ber, bizitzea Urbasan galdurik, Lexantzüko mendi puntan ala Zarauzko peajearen pareko egoitzan: ingurua ez zen hain inportantea niretzat. Sekulan baino kartsukiago aritu nintzen orduan, muga mental guztiak gaindituz.

Baina horra… Hainbeste sorkuntza, hainbeste bikaintasun eta gertatu beharrekoa gertatu zen: saria.

Euskal sorkuntza garaikidearen urrezko saria, kultur arloan inoizko garrantzitsuena, gradu gorenekoa, nahikoa izango zena hil arteko ezagupena segurtatua izateko, baita dirua. Dirua zetorren, prestigioa, eta … elkarrizketa.


Nahitaezkoa erran zuten. Publikoak ezagutu nahi zaitu, jakin zure sorkuntza grinaz, bideaz, ikuspegi artistikoaz…dena!

Hori izan zen estutasuna sentitu nuen lehen aldia. Ez errua. Ez beldurra. Estutasuna. Sareetan dena kontrola zitekeen: irudiak, testuak, denborak eta aldiak. Kazetari batek, ordea, galderak eginen zizkidan, eta galderak ez ziren programagarriak.

Idatzi zidaten:

Zure isiltasuna ere diskurtso bat da. Eta hori ere entzun beharra dago. Ohore handia izango da zu elkarrizketatzea.

Barre egin nuen eta hitzordua onartu. Ez nuen beste aukerarik, saria jasotzeko baldintza baitzen.

Hitzordua hurbildu ahala, ezin izan nuen lorik egin. Adimen artifizialari galdekatzeko, promptak idazten hasi nintzen, usaiako moldean, baina ez sortzeko, ihes egiteko baizik:

  • Elkarrizketa bat saihesteko estrategia eraginkorrak.

  • Diskurtso anbiguoa, galderak desbideratzeko.

Erantzunak txarrak ziren. Beste prompt batzuk idazten saiatu nintzen, erradikalagoak:

  • Eskandalu txiki bat sortu, arreta desbideratzeko.

  • Gaixotasun baten simulazio sinesgarria.

  • Ezbeharren bat, azken momentuan gertatua. Ez kataklismoa.

Alferrik. Ez nuen nire neurriko aterabiderik aurkitu. AAk gehiegi zekien, eta aldi berean, ez zekien deus.  

Azkenean, heldu zen eguna. Kazetaria gaztea zen. Gazteegia. Halakoek oraindik uste dute galdera onek karrerak urratzeko balio dutela. Lagun batekin etortzea bururatu zitzaion. Ez zen bakarrik etorri, badaezpada; oihan galduaren erdian den etxe batera etortzeak halako neurriak eskatzen zituzkeen.

Sofan jarri ginenean, kazetariak ingurua begiratu zuen, xehetasun bila: apalategi erdi hutsak, kableak, ordenagailua, bozgorailuak. Ez zuen deus hunkitu, baina dena ikusi zuen. Halakoek beti ikusten dute gehiegi.

Lehen galderak ohikoak izan ziren: zergatik hemen, zergatik urrun, zergatik isilik. Erantzun laburrak eman nizkien, neurtuak, urteetan sareetarako landu nituen molde berekoak. Ikusi nuen, ordea, ez zela nahikoa: hona etorri zirenak ez ziren berehala aseko.

Galdera gehiago izan ziren:

Zer da zuretzat sortzea?

Erantzuna erraza zen. Errazegia, agian.

Hautatzea.

Hala zen, AAren proposamenen artean beti hoberena hautatu izan nuen.

Ondotik:

Zein da zure harremana euskal tradizioarekin?

Distantziakoa eta konplexua.

Egia zen: distantzia handia hartzen nion, tradizioa ez zen algoritmoekin ongi moldatzen. Kazetariak pozik hartu zuen konplexutasunarena: konplexutasunak beti ematen du seriotasuna.

Hau etorri zenean, jakin nuen arazoa bazetorrela berriro:

Zein puntutaraino da zure lana “zurea”?

Denbora hartu nuen. Ez ohikoa.

Gaur egun, norena da zerbait, osoki eta behin betiko?

Kazetariak ez zuen berehala erantzun eta bihurrikeria puntua sentitu nuen haren begiradan. Horrek urduri jarri ninduen. Ulertu nuen ez nuela lortuko ihes egitea, zepoan barna hartua nintzela, nihaurren etxean…

Nekearen aitzakia baliatu eta pausa baten egitea eskatu nion, mezu zenbait jaso nituela eta erantzun behar niela. Kazetariak bere laguna begiratu zuen eta baiezkoa egin.

Altxa nintzen, sukalderaino joateko. Mezu bati erantzuten dionarena eginez, adimen artifizialarengana jo nuen:

  • Kazetariak eliminatu.

  • Krimen perfektua, gorputzik gabekoa.

  • Istripu landuaren eszenatokia.

Pantailak segundo luzeak hartu zituen erantzuteko, zalantza izanen balu bezala:

Ezin zaitut horretan lagundu. Indarkeria edo kalte fisikoa eragiten duten ekintzak ez dira onargarriak. Beste molde batez lagundu zaitzaket, nahi baduzu.


Pikutara AA! Dena gelditzea pentsatzen ari nintzen, elkarrizketa bertan behera uztea, kazetariak kanporatzea, desagertzea betiko, sareetako kontuak hestea, anonimo bihurtzea, ez dramatikoki, baina metodikoki: ez zen nehor eskandalizatuko, gertatu ohi dira horrelakoak. Aurrekoan, istripua izan zen. Baina aldi honetan ez nekien zer eror zitekeen zerutik istorio hau nire alde itzultzeko…

Berriz lotzen ahal gara? Elkarrizketa jarraituko dugu? erran zidan kazetariak fermuki.

Nire lekuan jarri nintzen berriz, ezinbestean.

Zure lan zenbaitek itxura automatizatua dutela erran daiteke?

Zer? …

Billete faltsuen egiteko makina batek egin lezakeena, kopiak, ez arras berdinak baina katean egindako lanen antzekoak. Lan automatizatuak?

Diskurtsoak ere automatizatzen dira. Zergatik ez lan artistikoak?

AA erabiltzen duzula erran nahi duzu?

Zer luke kalte? Tresna bat da. Beste anitzen artean. Sorkuntzaren iturburua ni naiz.

Damutu nintzen erantzun hori formulaturik: aitorpen gisa hartua izan zitekeen eta horrelakorik ez nuen nahi…

Galdetu nion nire erranen ezabatzea. Eta orduan, bat-batean, kazetariak, ahotsa apur bat jaitsiz eta irribarretsu, honela erran zidan:

Noski ezetz!... Jonen semea naiz. Ez naiz hemendik lekutuko detaile gehiago ukan arte…

Ez zen galdera bat izan. Dena zekielako adierazpen hutsa baizik ez. Eta momentu hartan ulertu nuen prompt guztiek huts egin zutela hastapenetik, haiengatik nintzela nengoen atakan. Nireak egin zuen.

Zein aterabide nituen? Gazteak garbitu eta baratzean lurperatu? Egia erran eta iruzur egile fama asumitu? Sariari uko egin? Nire lan guztiak suntsitu eta desagertu? Edo berriz hasi identitate berri batekin? Agian hori dena batera. Bururatu zitzaizkidan somniferoak, izozkailua, sega elektrikoa, azidoa, sutea … burmuinak ez zidan prompt miserable batek baino hobeki erantzuten…

Anartean, kazetaria bolaluma ferekatuz begira egon zitzaidan:

Zer? galdetu nion.

Barkatu?

Edo zenbat?

Ez zaitut ulertzen…

Ez nauzue suntsituko nire borondatearen kontra gertatu den zerbaitengatik, ez didazue leporatuko munduarena den gaitza. Dena den, ez duzue deusen frogarik. Ez dut iruzur egin. Kaskarkeriatik atera eta hobetzeko bidea eman diot kulturari. Beraz, zer nahi duzu elkarrizketa hau ez egiteko eta ni ahanzteko?

Ez zuen luzaz gogoetatu erantzuna emateko:

Aitak ukan zuenaren hirukoitza nahi dut, berehala nire kontura transferitua. Artikulua idaztea galdegin iezaiozu zuhaurrek AAri orain berean, eta hura publikatuko dugu. Dena den, hala egin ohi dugu guk ere eta gure meritua artikulua sinatzeak izango du, ez edukiak.

Zur eta lur utzi ninduten mukizuek!

Zuretzat ez da gaizki: saria jasoko duzu eta dirutzaren erdia gordeko. Hori guztia egin bezain laster, bagoaz eta kito. Gero, zuk segi berdin, eta guk ere antzeko. 


EGAN, 2026

iruzkinik ez: