2026/05/01

Monokromoa

16:30ak aldera ernatu zen Naia, oren bat eskas zuen astea amaitzeko. Ordenagailuko artxiboak altxaturik zituen, e-mail karpetan garbiketa sakona eginik, aterako zenerako dena junta uzteko. Deformazio profesionala zen Naiaren kasuan, batez ere bere zerbitzuko misiolari lanetan hasi zenetik hartu plegua, dena garbi eta behar lekuan uztearen kontua, baita idatzi nahiz erran oro neurtzearena.


Azken hiruileko egitasmoaren txostena imprimitu zuen; zuzendariak bezperan jasoa zuen eta oraino ez zuenez oharrik egin, Naiak suposatu zuen onargarritzat jo zukeela: aitzina aleak zegozkienei bideratzera! 

Bulego erdi-lurperatu ilun eta hezean, arnas hartu zuen sakon; gauza pare bat baizik ez zituen egiteko ospa egin aitzin. Eta gutuna! Txoriburua! Gutuna sinatu eta postara eraman arratsean berean. 

Hasperen batean, idazmahaitik orri laburxkaren xerka joan-jin laburra egin zuen imprimagailuraino; pasatzean, desumidifikatzailea itzali zuen eta jarri gabe, bolaluma hartu. Sinatzekotan zela, urtebetetze-kari zuzendariak oparitua zion Watermanari tinta bukatua baitzitzaion nardatu zen: kaka! Ez zuen bada kolorez izenpetuko? Ez zirudikeen serio. 

Bulego  zurpail monotonoan, aulki grisean jarri, erridau horaildun leihotik soakoa luzaturik etsipen puntta batera lerratu zen. Bat-batean, abisurik gabe, siuxen urratsean, zuzendaria agertu zen, txostena eskutan, zirrimarratua hainbat pasartetan. Beltzez idatzi ohi bazuen, larria bazen, ordukoa kasu, gorriz jartzen zituen iruzkinak. 

- Behako bat eman diot. Beharko lirateke moldaketa pare bat egin. 

- Bai? Oraintxe igortzekotan nintzen… - saiatu zen Naia, izenpetzekotan zen gutuna lerraraziz bistatik urrun. 

- Hementxe gehitu beharko zenuke bi punturen aipamena. 

- ... 

- Eta hortxe moldatu: na-na-na, kakotx, na-na-na, bi puntu, na-na-na-na-na

Bi puntu. Kakotx. 

Beti bazen gehitzekoa, kentzekoa, mugitzekoa, saiakera ahaleginduenean ere. Hain zuzen ere, ahapeka, zuzendariari horrela deitzen zioten pasabideetan, Kakotx: “ongi moldatu al zara kakotxekin?” begi kliskaz lagundurik. Kakotxen tonua beti zen monotonoa, giroarekin bat, formulazioak deklaratiboak, irmoak eta aseptikoak, eztabaidarako biderik gabe. Noizbehinka aposizio bat edo beste erabiliko zuen, goxotasun itxura emateko, nahiz errua eragiteko. Adibidez orduantxe berean, “joateko berantetsia zara, ez dea hala?” erran zionean. Ez omen zen bere falta, funtzioak agintzen zuen, karguak, ardurak, eginkizunaren neurriak. 

Noizbehinka, Naiari gogoratzen zitzaion ‘lehengo bizitza’, bestelako leku eta elkarteetan ari zeneko sasoia: kontsentsu bilaketa etengabea, beti iniziatiban egotea, lubakietan aritzea, libertatea. Oroitzapen lausotan zekusan jada lan demasa, etengabeko hausnarketa, autogestioaren muga, panorama aldakorra, baldintza material eta lan sari kaskarrak, alde higagarriak ororen buru, noizbait marraren honaldera bultzatu zutenak, sinetsirik bere ideien alde berdin emankor zitekeela administrazio organo batean. Gero eta gehiagotan oroitzen zen ere Naia garai hura zela zoriontsua, koloretsua, lagunartekoa, askatasunekoa, lan molde duinekoa eta faltan zuen maiz orduko arduraduna, berdez zuzentzen ziona, ongi zirenak inguratuz eta besteak nola hobetu azalduz, menpekotasunik azpimarratu gabe, eraikitzaile, entzule ona. Usu desiratzen zuen berriz arduradun harekin aritzea, trukeaz damu. Lantoki goibeleko gogoeta zoharrak. 

Marraren honaindikoak bazituen abantailak, hipoteka potoloa permititu ahal zizkiotenak adibidez. Hatsarrean ez zuen hainbesteko aldea nabaritu Naiak, hasiberrian fama txiki modukoa ere zeukan alde, hilabeteko langile irudimentsu eta eraginkorrenarena. Urtebete gabe, utzia zion txano koloretsuarekin lanera etortzeari: korapilo gehiago agerian utziko zituen lehen pausua. 

Nagusia 'amen' batean despediturik, iradoki pasarteak zuzendu zituen Naiak, bazterrak arakaturik boligrafo bat atzeman zuen zaku zolan eta gutuna zirrimarra lasterraz izenpetu. Pozez bete zen.

Gela, zola, jendarte monokromo honetatik asteburutara zihoan jada eta sindikatukoek ontsa kalkulatu bazuten behintzat, ondoko asteak ez ziren konplikatuegiak gertatuko. Presatuz gero, posta zabalik kausituko zuen. Kakotxi zuzendurik igorriko zuen letra. Dimisio gutunak zuzendariei igorri ohi baitira, hartu-agiriekin. 

Deliberoaz segur eta sendo, gogoratu zitzaion hartu beharko zukeela lehenbailehen hitzordua berdez azpimarratzen zuenarekin, araiz, polikromiara itzultzea erraz baiziezaiokeen. 

- Mekatxis, telefonoa! Bai? 

- Naia? Ez larritu maitea, konfirmatzekoa da oraino. Baliteke lantegian moldaketak gertatzea... Demisioa? Nola hori...Goaita pixka bat. 

- ...

- Naia! Ez duzu igorria? Mintzatuko gara. 

- … 

- Naia, hipoteka… 




iruzkinik ez: