2020/04/03

Goizalde beltzarana - Franck Pavloff

(Matin Brun   deitu Franck Pavloff-en ipuin laburraren itzulpena) 

Bideoa: Un Beau Matin - Serge Avédikian


Hankak luzaturik, eguzkitan, Charlie eta biek ez genuen egiazki hitz egiten, gogora punpeka zetozkigun gogoetak trukatzen genituen, besteak bere aldetik kontatzen zuenari kasu gehiegi egin gabe. Une atseginak ziren, kafea edanez iragaten genituenak, denbora luzatzen utziz. Txakurra xixta arazi behar izan zuela erran zidanean, kontuak harritu ninduen, besterik gabe. Gaizki zahartzen den ora beti da tristea, baina hamabost urteren buruan, goiz ala berant hilen dela gogoan izan behar da.

- Ulertzen duk, ezin nian beltzarantzat pasarazi.
- E be, labrador batek, berez, kolorea ez dik batere halakoa, baina zer zian eritasun gisa?
- Ez duk afera, ez zian txakur beltzarana, hori duk dena.
- Deabrua, gatuentzat bezala, orduan?
- Bai, gauza bera.

Gatuen kasuan, jakinean nintzen. Joan zen hilabetean nirea despeditua nuen, karrika-gatua, txuria eta beltzez mantxatua sortua izateko akatsa zuena.

Egia da gatu-gainpopulazioa jasanezina bilakatzen zela, eta, Estatuko zientzialarien arabera, hobe zen beltzaranen atxikitzea. Bakarrik beltzaranak. Hautaketa-proba guztiek zioten gure hiritar-bizimoduetara hobeki egokitzen zirela, tipi gutxiago egiten zituztela eta anitzez gutxiago jaten zutela. Alafede, gatu bat gatu bat da, eta arazoa molde batez edo bestez konpondu behar zen eta beltzaranak ez ziren gatuen desaHankak gertaraztea agintzen zuen dekretua onartu.
Hiriko miliziek arsenic bolatxoak banatzen zituzten urririk. Zakur-bazkari nahastekaturik, di-da kalitzen ziren katarrak. Zintzurra hertsatu zitzaidan, eta gero laster ahanzten da.

Txakurrenak, doi bat gehixeago harritu ninduen, ez dakit sobera zergatik, agian handiagoak direlako, edo, erraiten den bezala, gizakien lagunak direlako. Nolanahi ere, Charliek gaiaz hitz egin zuen, nire gatuarentzat egin nuen bezain naturalki, eta segur aski arrazoi zuen. Mindulinkeria gehiegik ez gaitu nehora eramaten, eta zakurren kasuan, seguraski egia da azkarragoak direla.

Ez genuen deus gehiagorik elkarri kondatzeko, bereizi ginen baina inpresio bitxi bat utzi zigun. Elkarri dena erran ez bagenio bezala. Ez arras gustura.


Zenbait denbora geroago, nik nion Charlieri jakinarazi herriko Egunkaria ez zela gehiago argitaratuko. Zur eta lur zen: egunero kafesnea edanez irakurtzen zuen kazeta!
- Peko erreka jo ditek? Grebak, kiebra?
- Ez, ez, zakurren aferaren ondorioz izan duk.
- Beltzaranak?
- Bai, beti. Ez zian egunik iragaiten neurri nazionalaren kontra egin gabe. Zientifikoen emaitzak zalantzan ezartzeraino aritzen zituan. Irakurleek ez zekitean gehiago zer pentsa, batzuk haien zakurtzarrak kukutzen hasi zituan.
- Suarekin jostetan aritzearen bortxaz…
- Dioan bezala, azkenean, kazeta debekatu die.
- Kaka zaharra, eta zaldi lasterketen emaitzak?
- E be, gaizoa, aholkuen xerka joan beharko duk Berri beltzaranak kazetara, hori baizik ez duk orain. Lasterketen sailean, ez omen dituk gaizki moldatzen.

Besteek mugak gainditu baitzituzten, egunkari bat beharko zen herrian, ez ginen informaziorik gabe egoten ahal halere.

Charlierekin beste kafe bat hartu nuen egun hartan, baina arranguratzen ninduen Berri Beltzaranen irakurle bihurtzeak. Alta, ene inguruan, ostatuko bezeroek ehen bezala bizitzen segitzen zuten: seguraski oker nintekeen horrela kezkatzeaz.


Horren ondotik, liburutegiko liburuen txanda izan zen,istorio ez biziki garbia beste behin.

Herriko egunkariaren finantzari-talde bereko argitaletxeak, auzipetuak ziren eta haien liburuak liburutegietako apaletan debekatuak.

Egia da argitaletxe hauek argitaratzen jarraitzen zutena ongi irakurtzen bazen, ‘zakur’ edo ‘gatu’ hitza agertzen zela bederen behin ale bakoitzean eta dudarik gabe ez beti beltzaran hitzaz lagundurik. Jakinean zitezkeen alabainan.
- Ez da pusatu behar, zioen Charliek, ulertzen duk, nazioak ez dik deus irabaztekorik legeak saihestea onartuz eta sagu eta gatuarenera jokatuz. Beltzarana -gehitu zuen ingurura behatuz- sagu beltzarana - inkasean norbaitek entzun izan balu gure elkarrizketa.
Zuhurki, usaia hartua genuen gehitzeko beltzaran esaldien bukaeran edo hitzen ondotik. Hastapenean, arraroa zitzaigun pastis beltzarana eskatzea, eta azkenean hizkuntza bilakaera bat ukaiteko egina da eta ez zen bitxiagoa ‘beltzaran’ aldera egitea, etengabe ‘ostia puta’ gehitzea baino, gure eskualdean egin ohi den bezala. Bederen ontsa ikusiak ginen eta bakean ginen.

Noizbait zaldi-lasterkaldietan tiercéa irabazi genuen ere. O, ez handia, baina halere, gure lehen tircé beltzarana. Araudi berrien gora beherak onartzera lagundu gintuen.


Egunen batez, Charlierekin- ontsa oroitzen naiz, errana nion etxera jitea futbol koparen finala begiratzeko- irriz uzkailiak egon ginen. Ez zena, ba, zakur berri batekin agertu!
Zoragarria ederra, beltzarana buztan puntatik muturreraino, begi marroiekin.
- Badakik, azkenean, bestea baino amultsuagoa duk, eta obeditzen nik itsuki. Labrador beltzarena ez zian drama.

Erranaldi hori erran orduko, bere zakurrak sofaren azpira jo zuen tarrapatan, eroa bezala ihausika. Eta orro eta orro, eta beltzarana izanik ere ez duela obeditzen ez nagusiari ez nehori.
Eta Charliek, bapatean, ulertu zuen:
- Ez, hik ere bai?
- Bai, ikusiko duk.
Eta orduan, ene gatu berria ziztuan atera zen erridauetan gora igotzera eta armairuaren gainean babestera. Begirada eta ile beltzaraneko katarra. Zenbat irri ez genituen egin! Ez zen kasualitaterik!
- Ulertzen duk - erran nion - betidanik gatuak ukan ditiat, beraz… ez al duk ederra hau?
- Zoragarria - erantzun zidan.

Ondotik telebista piztu genuen, gure abere beltzaranek elkar begiratzen zuten bitartean.

Ez dut gogoratzen nork irabazi zuen, baina badakit momentu on bat iragan genuela eta seguritatean senditzen ginela. Hau da, Herrian zentzu onekoa zena sinpleki egiteak segurtasuna ematen eta bizia sinplifikatzen baligu bezala. Seguritate beltzaranak alde onak ukan zitzakeen. bistan dena, pareko espaloian gurutzatu nuen mutiko tipiari pentsatu nuen, bere oinetan hila zen kanixa txuriarengatik negar egiten zuenari. Baina, ororen buru, ontsa entzuten baldin bazuen erraten zitzaiona, zakurrak ez ziren debekatuak, aski zuen beltzarana zen bat hartzea. Atxeman zitezkeen tipiak ere. Eta gu bezala, zuzen sendituko zuen bere burua eta aurrekoa laster ahantziko zuen.


Eta atzo, sinestezina, nire burua bakean senditzen nuenean, hiriko milizianoek, beltzaranez jantziek, gupidagabeek, kasik harrapatu ninduten. Ez ninduten ezagutu, berriak direlako auzoan, ez baigaituzte oraino denak ezagutzen.
Charlie-ren etxera nindoan. Igandeetan, Charlierenean aritzen gara belotean jokatzen. Garagarno multzo bat neukan eskutan, besterik ez. Kartetan aritzekoak ginen bizpahiru orenez, gauza batzuk pitzikatuz. Eta orduan, sorpresa gaitza: bere apartamenduko atea puskatua izan zen, eta bi milizianok atarian zut kuriosak haizatzen zituzten. Alegia gainaldeko solairuetara banindoa bezala egin nuen eta berriz jautsi nintzen igogailuz. Behean jendea ahapetik mintzo zen.
- Alta zakurra beltzarana zuen, ikusi dugu guk.
- Bai, baina, diotenez, kontua da, aitzin, bazuela bat beltza, ez beltzarana. Beltz bat.
- Aitzin?
- Bai, aitzin. Delitua da orain, beltzarana ez zen bat ukan izana. Eta hori jakitea, ez da zaila, aski da auzoari galdegitea.

Ernatu nintzen. Izerdi lapetan, atorra bustia nuen. Aitzin bat ukan izana delitua baldin bazen, milizia gibeletik ukanen nuen. Nire bizitokian denek bazekiten lehen gatu txuri eta beltz bat ukan nuela. Aitzin! Holakorik ez nuen sekulan uste izanen.


Goiz honetan, Beltzaran irratiak baieztatu du. Atxilotu dituzten bost ehun pertsonen artean diteke Charlie seguraski. Ez da abere beltzaran bat berriki erosi dugulako pentsamoldez aldatu dugula, hori erran dute.
“Edozein garaitan, konforme ez den txaur edo gatu bat ukan izana delitua da”. Hizlariak gainera gehitu du: “Estatu nazionalari iraina”.
Eta ondotik erranak ongi entzun ditut. Konforme ez den txakur edo gaturik ez baldin badugu pertsonalki ukan ere, baina familiako norbaitek, aitak, anaiak, kusiak adibidez, behinere bat ukan baldin badu, noizbait, behin baizik ez bere bizian, arazo larrien aitzinean gara gaur.

Ez dakit Charlie nora eraman duten. Hor gehiegikeritan ari dira. Erokeria da. Eta nik, uste nuen bulta batengatik lasai nintzela ene gatu beltzaranarekin.
Bistan da, bilatzen baldin badute aitzin, zakur eta gatu jabe bakarrenak atxilotuko dituzte.

Ez dut begirik bildu gau osoan. Mesfidatu beharko nuen Beltzaranez, abereei buruzko lehen legea inposatu zuten unetik. Izan ere, nirea zen nire gatua, haren txakurra Charlierena zen bezala, ezetz erran beharko genuen. Gehiago buru egin, ihardoki, baina nola? Hain fite doa, bada lana, egunerokokezkak. Besteek ere amore ematen dute, piska bat bakean izateko, ez?

Atean jotzen dute. Goizean hain goiz, ez da sekulan gertatzen. Beldur naiz. Eguna ez da oraino argitua, oraino beltzaran da kanpoan. Baina geldi zaitezte hain azkar jotzetik, banator.









iruzkinik ez: