2011/02/25

Udaberriaren promesa

Gaur, terrazan kafea hartzen ari nintzela, gainekaldetik, frango apal eta isil-isilik, bidaiari tropa bat pasa zait. Ehun bat xori. Lertxunak erranen nuke.
Iragan larrazkenean, arrabots haundiz eta karrankaz iragan baziren, agortua zitzaien hazkurri berriaren bila zihoazelarik hegora, hegoaren hegora, fruitu exotiko eta berotasuna amets, arratsalde honetan berriz, otsaileko eguzki zuriaren epelean, azantzik gabe pasatu dira, primaderaren iragarle.
Jin dira, beste behin, betiko promesa betez, milaka kilometro bete ondoan. Itzuliko zirelako promesa, egun goxoagoen esperantzan eta bizi-berriaren menturan.

Norbait ohartu zaie? 


2011/02/22

Euskarak ez baitu gelditzerik

Gaur, ekintza batek, doi bat bereziak, inarrosi ditu Baionako karrikak.
Goiz honetan, AEKk Baionan duen egoitzako leihoak estaliak agertu dira, zuriz, eta ez egoitza obretan delako; bide beretik historiako beste pasarte eta garai batzuk gogora ekarriz.

2011/02/18

Mandoak izan behar genuke

Azken urteetan, euskaldunek eta euskaltzaleek gure egimoldeak, diskurtsoak egokitu ditugu jendeak onar gaitzan, onar dezan sustut euskara, euskararen presentzia, euskaraz entzutea, ikustea, egitea, eta piskanaka jendea gureganatzeko asmoz, iritzi eta ikusmoldeak aldatzeko asmoz. Eta horretan higatu izan gira.

Euskaraz ? (4)


.... edo nire onetik ateratzen nautenen seriean beste bat...

Itxarongela batean, euskaraz ari naiz telefonoz lagun batekin. Ondokoak azkon buru bat eginez behatzen nau, zeptikoa da:

Gizonak:      Zein hizkuntzetan ari zinen?
Nik:              Euskaraz.
Gizonak:     A! … Norekin aritzen zara euskaraz?
Nik:             denekin. Lagunarekin, lankideekin. Denekin.
Gizonak:    hori ezinezkoa da... Ez beti.
Nik:            Bai. Bistan da.
Gizonak:    adibidez, zure bizikidearekin? Bai? Baina ez gai guziez. Ezin da.
Nik:            zergatik ezin?
Gizonak:    Ba, gai batzuekin ezin baita...Seriosak direnean... Hitzak ez dira euskaraz, hizkuntza ez da modernoa. Euskaraz aritzen ahal da, bon, gauza sinpleak, etxean eta hola... Ezin da. 

(Hain segur eta mespretxagarria da, ez diodala barkatuko)
 
Nik:            Uaa ah ah ah... Bai, arrazoin duzu, ezin denean eskuekin, keinuekin mintzatzen gara edo marrazkiak eginez... Eta telefonoa duela gutxi erosi nuen e... Orain arte, su bat egin eta ke-laino bidez komunikatzen nuen besteekin.
Gizonak:    Trufatzen zira?
Nik:            Trufatzen ez, erraten dizudana da, modernoa ez den bakarra, zu zirela.

Elkarrizketaren bukaera.

2011/02/12

Altxa burua eta beha

Azken denboretan gauza batek doi bat aspertzen nau gure joeren artean. Eta horrela erresumitu daiteke: liburuak irakurriz ikasten dela, biziz baino gehiago.

Bada holako tendentzia bat, langiroan sortu, lagunartean hazi, eta etxeraino heltzen dena, ikusten edo entzuten dena bileretan, blogetan, foroetan, ostiral arratsetako afarietan, eta edozein gaiekin zer erranik ematen duena, izan dadin lanaz, hezkuntzaz, sexualitateaz, politikaz, eta abar luze bat (nola eman klase bat, nola hezi haur bat, nola garatu, nola ekoitzi, nola kontsumitu... ).
Gauzak egoki nola egin beharko liratekeen eta zergatiak razionalizatzen eta lerrokatzen dituen joera, sentsibilitate eta kreatibitatea itotzeraino. Ikusmolde argiak, globalak, arautuak eraikitzen ditugu eta hedatzen, bermatuz zientzialari, filosofo edo nik dakitan zeinek idatzi 250 orrialdeko txosten aspergarrietan.
Nire arazoa da, anitzetan horretan mugatzen garela, senditzen edo bizitzen ditugunei garrantzia kentzeraino.

2011/02/04

Izorratzen gaituztenean

Frantses Hezkunde ministroak, Luc Chatel-ek, berriki jakinarazi du « batzar estrategiko » baten sortzeko asmoa zuela, hizkuntzen erakaskuntzari buruz. Honen helburua? Hizkuntzen erakaskuntza orokortu eta indartu, Europako hizkuntzena eta bereziki inglesarena, ama eskoletan, teknologia berriek lagundurik. Hori guzia hiru urtetik gorako haurrentzat.
Niretzat holako neurri batek, hizkuntza gutxituei begira, sekulako ondorio latzak izan ditzake.