2011/05/08

Transmisioa - 1



Joan den egun batez, arras informalki, batek galdetu zidan zer pentsatzen nuen, nola ikusten nuen transmisioaren gaia, iparraldean, hizkuntzaren aldetik orokorki. Azken denbora hauetan, zeinetan gauza frango irakurtzen eta entzuten ditudan, hizkuntza eta kultura, erakaskuntza eta transmisioari buruz, aitortu behar dut ez nuela jakin zer erantzun, bederen ez molde borobilean.

Tentazioa izan nuen, hastapen batean, alde onetan zentratuz, egiten den guziaren azpimarratzeko, nola egiturak ditugun, ekimen anitz burutzen den, jende frango hunkitzen, panorama aldatzen eta beste: hala baita. Aldi berean, nere alde ilunak xuxurlatzen zidan ezetz, ez zela hain sinplea, argia, ez zela hain baikorra izateko moldekoa. Eta alde ilunagoak, oihukatzen zidan, gainbeheran, debalde eskasetan aritzen ginela.
Hots, transmisioan ari garela, bai, kausitzen dugula? Neurri batean bai.. eta ez.


Gaurkotasunetik urrunduz, gogora etorri zaizkit gure Herrian ezagutu diren beste garai batzuk.
Kokatzen bagenu gure burua duela mende bateko edo bizpahiruko garaietan, eta orduko egoerari behatzen bagenio, begi bistakoa genuke garai horietan, euskaltasunaren egoera, zentzu zabalean, ez zela gaurko egunean bizitzen duguna baino hobea ez eta okerragoa ere ez. Gisa guziz, euskaldun izateko ez zen aro: euskararen aldekoak ez ziren egoera eta jokamoldeak eta hobeki erranik kontrakoak zirenak, moralki eta fisikoki arras gogor eta odoltsuak ere izan baitziren. Euskaraz aritzen zen ororen kontrako dinamikak anitzak gertatzen ziren: elizan, eskoletan, armadan besteak beste. Hizkuntzatik hara, beren burua euskalherritar gisa kontsideratuko zutenentzat berdin, beren ohitura, bizimolde eta pentsamoldeetan. Pundu baikor bat izatekotan, hiztunen kopurua zitekeen eta hizkuntzaren erabilpena eta balio funtzionala, baina hau suposizio gisa geldituko da, ez baita horretaz aztarna objektiborik.

Gaurko egunean, egoera hobea ala okerragoa denik, ezin dut erran.
Nehor gutxi ez bada euskararen kontra agertzen deplauki, hizkuntza gutxituen kontrako dinamikak, gordetarik eramaten segitzen da, batzuetan zuzenean, besteetan zeharka, konfliktoak leundu direlako itxura bat emanez (salatuz?). Kontsidera daiteke ere aitzinamenduak izan direla, hizkuntza eta sustut kulturaren arloan: eskoletako erakaskuntza moldatu, jendea sentzibilisatu, instituzioak eta egiturak sortu, jendeak antolatu eta beste. Halere, iparraldean, hiztun kopuruek behera egiten jarraitzen dute eta seguraski jarraituko ondoko 20 urteetan, lehen lehenik arrazoin demografikoengatik. Eskola sistemek euskarazko eredua edo elebiduna eskaintzea integratu badute, eta euskalduntzea garatu bada ere, hauen emaitzen neurketa zuzenik ez da egin, edo egin bada ez da publikoki aipatu eta, pertsonalki, duda haundiak ditut, dugun gizarte eredu frantsestu honetan, euskaldunen « sortzeko » emana zaigun zinezko ahalaz eta dituen ondorioez. Instituzioek daramaten hizkuntz politika berriegia izanik, eragina nekez balora dezakegu. Oroz gainetik, inguruetara piska bat behatuz gero, hizkuntzaren erabilera, presentzia eta, funtsean, beharra biziki murritza direla erratea, euphemismoa da. Utz dezagun hortan.

Garai bakoitzak bere on-gaitzak.
Alta, lehen kontestu horietan, belaunaldiz belaunaldi, lortu zen transmizioa.
Transmititzea zerbait zabala eta osoa, bere baitan biltzen dituena hizkuntza bera, identitate bat, ikusmolde, pentsamolde eta egimoldeak, errepresentazio eta imaginarioak ere. Guziak, interdependentzia hertsi batean. Transmisioa agian ez zen izanen lehen ardatza, orduan ez baitziren horretaz bereziki kezkatuak, gutxi eskolatuak edo jantziak (zentzu modernoan) eta horretarako antolatuak batere, baina burutzen zen.
Gaurkoan antolatuak eta eskolatuak gara eta horren guziaren kontzientzia badugu, hala ere, zerbaitetan huts egiten dugulako inpresioa dut. Gaurkoan galtzen ari garen partida bat delarik, orduan lortzen zen hori. Nola demontre gauzatzen zen orduan? Nola egin orduko emankortasunera hurbiltzeko?


Argazkia: Transmettre by  Arnaud Bertrande

2 iruzkin:

Benat erabiltzaileak esan du...

Eup! Erran, ikusten dinat ez dunala ahanzten deus!
Bagazan heinean, egia dun badela pentsatzekorik egiten zenaz eta egiten denaz, mugak ditinagu, egiturek, arduraunek, irakasleek, animatzaileek, ez dinat uste antolaketa faltaz dela, masak ekartzen duena gehiago, masan galdua izana eta korrontea kontrakoa.
Eta betiko hautua egin beharra, nahi giniken dena salbatu, ez delarik posible eta ez kontentatzen guttienarekin. Beina hori gabe?
Lehengoak idealak zitunan seguraz ere transmizioan beina lehengoak zitunan. Ez gibelera beha.
Segizan ontsa, kurios nun eta fite arte.

Benat

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Hei! Adio zirtzila!
Ez diat ahanzten eta ez nuk ados hirekilan. Lehengoak direla bai, idealak ez, arrakastatsuagoak zitukan. Masarena, baduk hortarik. Gehiago pentsatu eta gehiago uste diat ez dela problema bakarra. Eni iduritzen zatak badela beste zerbait, bainan goiz duk oino ;)